XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Mintza ezin daitekeenari buruz isildu egin behar da

(Fleuryn preso dagoen lagun min filosofo horri)

Honako esaldi hauekin Ludwing Wittgensteinek (1889/1951) bukaera ematen zion bere Tractatus logiko-philosophicus liburu ezagunari.

Hau da, beste hitzetan adierazia, ez dakigunaz hitzegiteak ez du merezi.

Mintzairaren filosofian aipatutako ikerketa honek duen garrantzia gogoratu behar izatea ere mereziko ez duelakoan nago.

Alde batetik horretaz arduratzen direnek jakin badakitelako, eta bestetik, gaurko honetan eta hemengo irakurlegoari begira bereziki, liburuak hemen eduki duen kaleratzearen azpian soma daitezkeen beste gauza interesgarriago batzuk azpimarratzea bidezkoagoa bait dirudi.

Bada, aipatzea soilik, Wittgensteinen lan hau ezinbesteko erreferentzia bihurtu dela hizkuntzaren inguruko unibertsital logika hausnarketa garaikide guztietan.

Baina, esan bezala harira joanaz, ikerlan honen Euskalerriratze prozedura azaltzea nahi izango nuke besterik.

Horretaz, gutxienez, zertxobait badakit eta.

Izan ere, euskarazko itzulpena eta sarreraren egilea José Luis Alvarez Santa Cristina adiskidea dugu.

Eusko Jaurlaritzak emandako zenbait diru laguntzari esker burututako lan mardul hori Euskal Herriko Unibertsitatearen Argitarapen Zerbitzuak txukun kaleratu duena.

Duda izpirik gabe ezohizko kolaboratze honek zientzi emaitza oparoa lortu du.

Hitzontziak:

Azken bolada honetan J.L. Alvarez hori den gure Txelisi buruz atarramendu handirik gabe gehiegi hitzegiten ari denez (kirol kazetariek ere bera dela medio iritzi kritikoak zorrozki plazaratzen hasiak dira iadanik) ondorio gisa fortunatzen zaigun zenbait azalkeria salatu nahiko nuke sakon.

Lehenengo eta behin, massmedietan barreiatutako terroristaren edukiarekin bat datorren kolaboratzailearen irudia.

Batak bestea bait dakar, bata bestea bezain faltsua izanik ere.

Faltsuak dira erreala dena ulertzeko baliagarri ez diren neurrian.

Batera datoz gizarte sektore bazterketa eragiteko elkarturik erabiliak izan diren heinean.

Haien arauera Erlijioak, Zientziak edota Legeak berak, aspaldiko haiek ala gu bereizketa bortitzaz lerraturik, ezin dute kolaboratu gizartea oraindik gehiago hausten baino.

Ondorioz, ez dago errukitasunik ezta planteamendu orokorrak egin ahal izateko tenorerik, ez eta gutxiago eskubide minimoak aldarrikatzerik ere.

Beraz, lege sasieskolastika honen aplikapen zuzena ezarriz gurekin zuzenean kolaboratzen ez duten apaizak edota abokatuak; bere kasa aske pentsatzera ausartzen den hura Terroristen kolaboratzaile potentziala dateke.

Itxaron besterik ez dute egin behar zeren itxaropena ere lerratu nahi izaten omen da.

Eredu honek izendatu egiten ditu kartzelan edota susmopean dauden filosofoak, idazleak, arzipresteak edo legegizonak baina ez digu azaltzen zergatik aurkitzen diren egoera horietan.

Terroristak eta bere ondoriozko kolaboratzaileak erakutsiz gizarte errealaren berri ematearen ordez gero eta lanbrotsuago agertzen dute antzeman beharrekoa: ez soilik zergatia baizik eta zertarakoa ere.

Esan bezala, argitu beharrean bizitzen ari den egoera hau gehiago iluntzeko eraikitako eta erabilitako mekanismo absurdoak dira.

Beraz, gizarte ikerketa aipatutako eredua maneiatuz egiten duten egungo abagadunearen komentarista zein politiko gehienek absurdoaren morroi ezjakinak dira.

Zorionez Platonek (K.a. 427/347) mendebaldeko pentsamenduaren oinarria anhypothétikaren hastapenarekin ezarri zuenez geroztik gizartea eta zientzien arteko harremana zehaztuz joan da.

Horri esker gutxienezko arrazionalitate maila erabil dezakegu gizarte arazoetan ez erortzeko enoratze prozedura eroan.

Horregatik eta Aristotelek berak (K.a. 385/322) eskeinitako logika eta demostrazio legeei segituz, egungo zentzugabekeriak erabat garden azaltzen zaizkigu: Ab adsurdum.

Hau da, ETAko buruzagi terrorista omen den Txelis honen laguntzaileak dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritza bera, Euskal Herriko Unibertsitatea, bertako Argitarapen Zerbitzua etab...

Berak idatzi bide ditu Verak eta Ardanzaren ustez, Herri Batasunaren zuzendaritzak ezkribatutako ETAren agiriak.

Eta, jakina, absurdoarekin segitzekorik ere badago egon...

Lehenago, bloke demagogikoaren aurrean ETA/HB gauza berbera zenean alegia, komunikatuak zinikotzat jotzen zituzten aho batez; orain, berriz, bakoitzak bere aldetik joan nahi duenean agian batzuentzat ETAren agiriak estoikoak diren bitartean, besteentzat HBrenak epikureoak edota maieutikoak edo auskalo zernolako hitza erabili behar izango duten frogatzeko beren sabidurentzia.

Zenbait filosofok, Platon et T. Moro kasu, politika egiteko prestakuntza teorikoa eskatzen zuten.

Garbi dago hemengo politika Errepublikan eta Utopian adierazitakoaren aurkakoa dela.

Inposatzen diguten errealitatea absurdoan aintzindari ditugu agintariak eta beren bufoi periodistikoak.

Hitzontziak... beti hitzegin behar dute ez dakitenaz.

Gutxienez zenbaitzuk ez diegu kasu handiegirik egingo.

Ez dik merezi eta.

Fito RODRIGUEZ

P.D. Tractatusa 1922an, eta B. Russellek eragindako unibertsital laguntza medio, Londresen argitaratua izan arren 1918an idatzia dugu.

Hain zuzen Wittgenstein preso zegoen bitartean.